.

.

2016/06/10

Untzillatx: 941m | Algorriko kanal eta diagonala.

2016/01/26 | Denok ezagutzen ditugu Untzillatx-eko hegoaldean aurkitzen diren eskalada bideak, eskaladan gozatzeko leku aparta. 
Informazio ederra aurki dezakegu Untzillaitz-Sur izenez ezagutzen den web orrialdea: http://www.untzillaitz-sur.com/

Mendebalde aurpegi ezezaguna, igoera deseroso eta alpinoak ondo gordetzen dituen alde ezkutua.
Sei hilabetez eskalada debekuak ondo babesten duen txokoa. Untzillatx-eko beste bitxikeri bat.

Untzillatx-eko hego mendebalde aurpegia; Igoera Mañaria behean hasiko dugu, harrobien ondo ondoan (Durangoko irteera ondoan). Larreakapanaga baserrira doan bidea hartu eta segituan aldapa gora eginez. Baserritik Unztillatx tontorrera dioan bide klasikoa hartuko dugu, 15 minutu inguru geroago lehenengo harritzarekin topa eginez. Pinu artean eta bidearen eskuinean somatzen den harritza zabala. Harritza gainetik nola edo hala pasatu eta pinudi aldapatsu batetik segituko dugu. Untzillatx-eko lehenengo hormak azpi azpitik zeharkatuz.


Aurrera goazela, basoak desagertu eta harri eta hormak hartzen dute protagonismo osoa. Harritza multzoak behin eta berriz zeharkatuz. Ekialderuntz segituko dugu, Algorriko kanalaren bila. Kanal zabal eta estetikoa, ezkerrean horma handi batez apainduta, eta eskuinean berriz, ertz zorrotz batekin babestua.

Kanal luze eta gogorra, harritza handi batez ondo estalia. Zailtasun puntu batekin igotzen den kanala. (Fraileburu-ko ertza inguruan amaitzen den kanala).

Kanelatik Mugarraren ikuspuntua ederra aurkezten zaigu, igoera erabat apaintzen. Kanalaren azken txangoan, eta ezkerreko horma handien artean, ezkutuan, aurkitzen da hurrengo zatia.

Ezkerrerantz eta diagonalean doan igoera polita. Kataluinan, Pedraforca-ko (Pollego Inferiorior) diagonalaren antza hartzen du (Hau errazagoa). Diagonalean gorantz egingo dugu, lepo hantza duen zati batera heldu arte.

Paisaia hemendik zoragarri eta basatia bihurtzen da, ahuntzen, sai, eta arranoen bizileku ederra. Harriz inguratutako zatia, eta kaos itxura hartzen duena.

Orain bidea desagertu eta intuizioak hartzen du protagonismo oso osoa. Astiro, gora egin eta Fraileburutik datorren ertza aurkituko dugu aurrez aurre. Lenago, tximenea edo korridore mixto batetik gora eginez.

Araututako gunea Untzillatx Mendebaldean (B-5).

Ertza ondo igotzen da eta zabal zabala aurkezten zaigu aurretik. Berriz Kaos itxura duen ertza, harri handi eta blokez osaturiko atala. Astiro astiro gorantz egin eta hurrengo zati aipagarrienera helduko gara. Obelisko itxura duen bloke baten azpian kokatu, eta ezkerretik irteten den tximenea mixto batetik igoko gara, arrakala ugariak dituen erresaltea erosoa (III).


Erresalte bertikala behean utzi eta berriz eskuekin laguntzarekin gora egingo dugu. Oraingoan, plakak dira nagusi. Kurutzeta azpira heldu baino lehen, ondo igotzen den gunea. Azpian, hamildegia. Eta Algorriko kanalaren ikuspegi ederra.

Kurutzeta sektorea eskuinean utzi, eta ezkerretik gora zuzen doan korridore bat igoko dugu. Eskuekin gozatzeko azken metroak. Eta gutxira, ertzaren gainean aurkituko gara.  Mañanaritik datorren igoera klasikoaren bidearekin bat eginez. Untillatx-eko tontorreraiño metro batzuk bakarrik falta zaizkigu.

Jaitsierarako berriz, Mañarira doan bide klasikotik jaitsiko gara.

 Larreakapanaga eta Untzillatx, bidetik.