.

.

2016/11/21

Alluitz;1.034m | Iparraldeko ertza.

2016/10/29 | Urteak pasa dira  lehenengoz Alluitzeko iparretik igo nintzela. Durangaldeko mendietan aurkitzen den atal basati eta ederrenetarikoa. Ondo babestu beharreko leku zoragarria.

Orduak sartu ditugu ipar aurpegi hau ondo aztertzen, dauden aukera guztiak ondo ikertu eta probatzen. Guretzako, mendian eta mendiaz gozatzeko leku aparta.

Azkenean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hiru mendizale amorratu elkartu gara igoera eder hau burutzeko (Gotzon, Egoitz eta Javier). Taldean azkena, eta Arabatik, Euskal-Herriko ertzak ondo ezagutzen dituen; Javier Iturritxa.  "Aristas y crestas de euskal herria" liburuaren idazle eta egilea. Plazer haundia, Durangaldeko altxorrak berarekin elkarbanatzea.


Igoeraren deskribapena;  Sagastatik eta Axpetik nabermen ikusten den ertz luze eta potentea da. Olarreta hormaren azpian hasi eta Alluitzeko tontorraren ondoan bukatzen den ertz bertikala.


Ertzaren hasierara heltzeko hiru modu ditugu. Lehenengoa; Axpetik Gailanda baserrira doan autobidea hartu, eta Gailanda baserritik gorantz doan baso-bide igotzea da . Bigarrena, Sagasta auzotik Alluitz azpiko Olarreta hormara doan bidetik igotzea da. Azkena berriz, Artolako lepotik Sagasta auzora doan mendi-bidetik Olarretako hormara hurbiltzea da.

Ertz integrala egiteko asmoa daukagunez, Olarretako horman dauden eskalada bideak ondo aztertu eta lehengo ezproia zuzen zuzenean igotzen duen eskalada bidea egingo dugu. Gure kasuan, “Larau” izena duen eskalada bidea. V+ graduku eskalada bidea. 60m inguruko luze eder bat. Ezproi honen ipar aurpegiko bide zailena.

Olarreta sektorea.

Lehengo bilera Olarretako ezproia bi zatitan banatzen duen lepoan egingo dugu. Olarretako ertzaren perspektiba osoaz gozatzeko toki aparta da hau. 

Abadaiñoko toponomia liburua I.  / 158 orria.

Ezproia banatzen duen lepotxoa eskalada klasikoan egin eta bigarren luzearekin hasiko gara. Gainean "Olarreako ezproiaren bidea" izenez ezagutzen den ertz basatia.

Ertzak ematen dituen zailtasun guztiak egingo ditugu, ertza bapo bapo aprobetxatuz. 60m inguruko luze ederra. Laugarren graduku irtengune ugariekin egiten den luzea da, gora egiten asko gozatzen den atala.  Gora goazen bitartean, arkaitz zoragarria aurkituko dugu,  seguruak ondo sartu eta instalatzeko pitxadura ugarirekin. 

Bigarren bilera, ertza asko lasaitzen den lepotxo batean egingo dugu. Arkaitzak ondo babesten duen arroka zubi eder batzuk ondo aprobetxatuz. Leku eroso eta aproposa.

Hurrengo luzea, errazago egiten da. 30m inguruko luze bertikala eta erosoa. Azken bilerarako berriz, ondo ikusten den katai bat erabiliko dugu. Arkaitz haundi baten ondo ikusten den instalazioa zahar bat. Olarreta sektorean dauden eskalada bide gogorrenak bertan bukatzen dira. Talaia paregabea.

Materiala ondo banatu eta hurrengo atala ensanblean egingo dugu. Landaluzetako ormetatik gora doan atal zoragarria. 100m inguru dituen atala, bigarren eta hirugarren graduko irtengunez josita dagoena. Alluitzetik Anbotora doan ertza ondo miresteko eta gozatzeko leku aparta..

Azkenik, eskalatzeko materiala gorde eta ertza ahal den guztia aprobetxatuko dugu, infernuko zubiaren ikuspegi eta perspektiba bereziaz gozatuz. Bidea Alluitzeko tontorraren ondoan bukatuko dugu. Berriz etxean, Alluitz-eko tontor maitean.

Jaitsierarako, Artolako lepotik datorren bide harrunta erabiliko dugu. Gero Sagasta auzoraino doan bidea erabiliz.

Laukian, ertza.