.

.

2015/11/23

Udalatx:1.120m | Ekialdeko Aurpegia, edo ekialdeko ertza. (Cara Este).

201/10/26 | Urte asko dira Udalatx ingurutik nabilela, eta nola ez; gozatzen. Inguruko beste jende askoren moduan. Oraingoan, Ekialde aurpegiko igoera eder eta zuzena, Arrasate ingurutik ondo ikusten den igoera zoragarri eta aipagarria. Azpimarratzeko, aurpegi honek gordetzen duen baso oparoa. Arttialde eta Garbitzaz (Arbutus unedo) osatutako baso majikoa. Udalatx mendian beste bitxikeri bat.


Igoeraren deskribapena; Igoera, Aintzinaiko Santutxo harrobiaren azpian hasiko dugu. Harrobia, denboran tusita egon de arren, gaur egun lurrez beteta dago. Udalatx-ek ekialdean daukan beste ebakiondo itsusi bat. 

Autoa Meatzerreka elkartearen ondoan utzi eta harrobiaren bila joango gara. Arrasatetik Elorriora doan bidea zeharkatu eta harrobiruntz doan bidea hartuko dugu. Minutu gutxitan harrobiaren puntu gorenean azalduko gara, orain lurrez beteriko harrobia. Harrobiaren eskuinetik gorantz doan ardi-bidea hartu eta artadian barneratuko gara. Ondo zainduta dagoen Artadi eder bat,goroldio eta kareharriz hornitutako inguru zoragarria dugu aurretik.

Bidea agertu bezain laster desagertu egiten da.  Sena erabiliz gorantz egingo dugu ohian itxura duen artadi ederretik. 80 metro gorago lehenengo harritza horizontala zeharkatu behar da, leku basatia benetan.  Harritza atzean utzi eta "Lurgorri" izenez ezagutzen den toki batera helduko gara, lurrak kolore gorriz jazten dira toki honetan.

Artadia pixkanaka atzean geratzen joango da eta igoera, maldatsuagoa bihurtuko da.


Aurrean, Lurgorriko koba ederra aurkituko dugu, gaur egun ahuntz eta ardiak aterpe moduan erabiltzen dutena. Koba ezkerrean utzi, eta gora doan ertz zabala hartuko dugu. Eskuak ondo berotzeko tartea.  Gorago, Antzuetako atxak eta bere arroa.

Ertza lasai hartu eta goruntz egingo dugu, oztoporik gabeko tartea bait da. Kareharri inguru zoragarria.

Antzuetako atxak eta arroa ezkerrean utzi eta "Mankulebarreko" ertzetik gora egingo dugu orain. Lehenengo intergune aipagarrienarekin parez pare aurkituz. IIIº. intergune mixto bat, eskuekin ondo heltzen den txangoa. Nola de hala metroak goruntz egingo ditugu eskuekin lagunduz, espoloi itxura duen muinoaren tontorrenaino Azpian berriz, Antzuetako arro edo hamildegi zabala.

Tontortxoa atzean utzi, eta aurretik ertza zerbait estutzen da. Oraingoan, Mankubarrene-ko ertz tartea,  Udatatx-eko ekialde aupergi hutsean.

Ertzean aurrera jarraitu, eta "Asentziko ezpanak" izenez esagutzen diren lekura helduko gara. Urrunetik (Ekialdetik) bi ezpanen antza duten ertza bereizgarriak somatzen dira.  Metro batzuk aurrerago, Udalatx-eko gailurra. 


Kokapena.

Jaitsieran berriz, kanpazar porturaino doan bide klasikoa  hartuko dugu. Harrobiaren bukaeran, Santutxo harrobiraino doan baso-bide bat hartuko dugu.

2015/11/18

Untzillatx:941m | Ipar Aurpegia > Zuhaitzen bidea.

2015/10/17 | Berriz etxe ondoko mendietan gozatzen. Oraingoan Untzillatx mendiko ipar aurpegi bertikalean. Azpaldian buruan izandako mendi igoera izan da eta mendia ikustean marra zuzena imaginatzen nuen Iparralde aurpegi ederrean. Pentsatu, aztertu eta egin. Untzillatx-eko iparraldean, "zuhaitzen bidea" deritzona. Zergatik? 3 zuhaitz erabili ditudalako erreferentzia moduan "marra" imaginario edo igoera hontan. 


Igoeraren deskripabena: Mendiola auzotik Agirre baserrira doan bidea hartuko dugu. Agirre baserrira heldu baino lehen, ezkerretara dagoen pinudi gazte batzuekin topo egin eta gorantz jarraituko dugu, baso osoa zeharkatuz. Gorantz goazela,  Untzillatx-eko ipar paretak somatuko ditugu gainean. Itxuraz, igoerarik ez duen ipar aurpegia. Basoa atzean utzi eta aurrean, ardiak eta ahuntzak basora ez jaisteko erabiltzen de hesia, gainetik pasatuko dugu. Jarraian, kareharri multzo izugarria, kaosa.

Igoera osoan eta erreferentzia moduan, 3 arte (Quercus Ilex) eder erabiliko ditugu. Horregatik izena, zuhaitzen bidea da. Lehenengo metroak eskumatara egingo ditugu igaroezina ematen duen harresiaren azpitik. Noizbeinka, edozein ezusteko gertatu ahal dela kontutan hartuta, lurrera ondo ebatzeko eskuak libre eraman badaezpada. 


Pixkanaka eta diagonalean (mendebalderuntz) gora egingo dugu, beti bide erosoena aukeratuz. Gainean, gure lehenengo erreferentzia begiztatuko dugu, arte bakarti eta aparta. Artearen azpian (120 m +/-)  ondo jartzea komeni da, igoera edo tarte honen perspektiba hoberena izateko. Aurrean malda garrantsitsua hasten da, intergune erraz eta polit batekin. Harri plaka erosoa, artekaz gainezka dagoena. (4m/IIº+). Intergune edo erresaltea gaindituta eta metro batzuk aurrerago gure lehen deskantzua hartuko dugu. 

Bigarren tartea, zuhaitzetik zuhaitzera doan igoeran hasten da. Lehenengo pausoak erraz egiten dira. Kanal estu batera helduko gara, hain zuzen, kareharri eskailera itxura duen tartera. Hiruzpalau intergune dituen kanala da, asko jota IIº+, baina bertikal bihurtzen den zati edo igoera zuzena. (Ezkerretik, harritza zabal batetik kanal estu hau saihestu daiteke). Kanala azpian utzi, eta ertz antza hartzen duen sektore batera helduko gara. Beste metro gutxi batzuk aurrera eta hurrengo artea-ren ondoan agertuko gara. Bi enborrez hornitutako arte zahar eta ikusgarria.

Hirugarren partea. Orain, Utzillatx mendiak duen baso oparo eta ederra dugu begibistan. Pagadi hostotsu eta magikoa. Baina aurretik, eta pagadiaren azpian, hurrengoko zailtasuna. Kareharri plakak dira, 20/25m inguruko plakak. Arteka eta pitzaduraz beteriko plaka luzea, pare bat seguru sartzeko (arroka zubiak) leku aproposa. 3 intergune aipatzeke. Lehenengo, plaka luze eta zabala (IIº+). Bigarrena berriz, tximinia itxura duen kanal estua. 


Ezkerrean haitz eder batekin agertzen den igoera bertikala. Inteeran lizarra bakarti batekin hornitua, zinta batekin babesteko leku aproposa. Atzean zailtsaun haundiena utzi eta pagadia berrogei metro gorago agertzen da. Kanal belartsu batetik igotzea bakarrik falta zaigu (IIº) pagadiaren barneraino sartzeko. Pagadian zehar gora egingo dugu Untzillatx-eko gailurraren gutunontziarekin topatu arte.

Jaitsieran berriz, Labaroko atera hurbildu eta Eguzkiarreko harritzaren gainean dagoen korridorea edo kanala erabiliko dugu. Oso jaitsiera arina eta zuzena da Atxartera heldu arte.

------------------------------------------------------------
 - Iraupena: guztizkoa: 2h 45' (Geldiuneekin)
 - Zailtasuna: Zaila
 - Distantzia: 5,2 Km (+/-)
 - Gorabehera: Gorabehera positiboa: 790m (+/-)
 - Mendi Ibilbidea: Atxarte harrobia - Mendiola Auzoa - Agirre Bserriko pinudia - Ipar Aupergia - Untzillatx tontorra - Labaroko Atea - Eguzkiarreko Harritza - Atxarte harrobia.
------------------------------------------------------------

Agirre baserritik gora dagoen pinuditik.

2015/11/03

Astxiki: 785m | Ipar-mendebaldeko ertza | Arista o Cara Noroeste.

2015/10/25 |Astxikiko iparmendebaldean aurkitzen da igoera eder eta basati hau. Atxarteko harrobien gainean dagoen ertz zabala hain zuzen ere. Urte asko dira Atxarteko  inguruetan gabiltzala.Akaso Euskal Herri osoko mendizale asko gara bertara hurreratzen garenak. Eskalatzeko leku aparta dira Atxarte eta bere inguruak.  Aspalditik daukat igoera hau egiteko asmoa. Durangaldeko ertz aipagarrienen bateratze bat egitea, buruan daukadan ideia bat da eta agian epe labur batean burutuko dudana.

Igoeraren Deskribapena; Atxarteko harrobian hasten da igoera, ermita eskuinean utzi eta gorantz doan bide ezaguna hartuz.  Eguzkiarreko pareta eskuinaldean utziko dugu. Gora goazela, Artolako bide klasikoa eskuinean utziko dugu, eta ezkerrerantz doan bidea hartuko dugu. Usukobeta harritzaren azpitik doan bidea zeharkatzen, elorri eta txilar hostotsuak saihestuz. Gainean Astxikiko eskalada klasikoenetariko batzuk aurkituko ditugu (Ezkerreko horma deritzon sektorea; LINK), eta Usokobetako harritzaren kanal zabal eta apurtua. Aurrera jo behar dugu, "ezkerreko horma" deritzon sektorearen azpitik iparmendebaldeko ertzaren bila, ahuntz bide estu eta zikinetik. 

Aurrera goazela, “Kobailuna” ederra aurkituko dugu ertz zabalaren azpian, ahuntzak aterpe moduan erabiltzen duten haitzuloa. Bisita labur bat egin eta ertzaren bila goaz, beti ere sena erabiliz. 


Orain, harrobiak azpian ditugu eta aurrean berriz, Astxikiko ertz zabala. Igoeraren lehen zatia erraza da, txilar eta elorriz (zuri eta beltzak) estalita dagoena. Gora goazela, lehenengo intergune edo erresaltea ikusiko dugu lehenengo aldiz, izengabeko espoloiaren hasieran. 

Intergune hau, 5/6 metro inguru dituen tarte bertikal mixtoa da. (harri eta belar korapilatsua ), IIIº. gradua izango duen erresaltea. 

Pixkanaka lehenengo muino edo espoloi-aren azpira hurbiltzen goaz. Lehenengo erresaltea lasai hartu, eta astiro gorantza egingo dugu eskuak erabiliz. Azpian Atxarteko hamildegi eta harrobiak ditugula. 

Erresaltea atzean utzi, eta kanal belartsu batetik igotzen da, espoloiaren ezkerreko lepo batera iritsi arte.  Leku zoragarria!. Lepo estua atzean utzi (Artea erreferentziatzat hartuta) eta eskuineko paretatik goaz oraingoan; intergune erraz eta jarraituak gaindituz (IIº+). Aurrean “Pago bakartia-ren lepoa”, Atxarte inguruko paisaia miresgarri eta dotoreena. Paisaia dastatzen geratzeko leku paregabea.


Aurrean berriz (Gainean), hurrengo txanpa; Atxurdin-gaina. 

Ertzaren bigarren zati aipagarriena eta Astxiki gailurraren anai txikira heltzeko bidea. Tarte harritsua eta erresalte aipagarriena IIIº. gradukua izango da. Kareharri aparta. Ertz osoko zati ederrena.

Metroak gora goaz paisaia ondo daztatuz.  Atzean Atxarte eta Urkiola inguruko paisai dotoreenetariko bat dugula. 60 m inguru geroago, erresaltearen azpian kokatu eta eskalatzen hasiko gara. Gozatzeko zati edo luze aipagarriena (6 m/IIIº). 

Intergunea azpian utzi eta kanal estu batera helduko gara, 80 m inguru dituen kanal belartsua. Orain, gora egiteak errazagoa ematen badu ere,  argi bili beharreko lekua da azpian (iparraldean) dugun hamildegia ikusita.


Azkeneko pausoak eman eta konturatu orduko Atxurdin-gaineko gailurrera helduko gara. Astxiki mendiguneko anai txikia. Metro batzuk beherago, harriz beteriko kanal zabal batetik jaitsiko gara; astxiki eta Atxirdun-gaina banatzen duten leporaino. Lepotik, ardiak erabiltzen duten bidea jarraituko dugu Astxikiren gailurreraino. 

Jaitsieran, Artolara eta Atxartera doan bidea jarraituko dugu. 


Egindako Ibilbidea.


------------------------------------------------------------
 - Iraupena: guztizkoa: 1h 58' (Geldiuneekin)
 - Zailtasuna: Zaila 
 - Distantzia: 3,2 Km (+/-)
 - Gorabehera: Gorabehera positiboa: 680m (+/-)
 - Mendi Ibilbidea: Atxarte harrobia - Ezkerreko horma "sektorea" - Iparmendabelde-ko ertza - Atxurdin gaina - Astxiki - Artola - Atxarte harrobia.
------------------------------------------------------------