.

.

2016/06/10

Untzillatx: 941m | Algorriko kanal eta diagonala.

2016/01/26 | Denok ezagutzen ditugu Untzillatx-eko hegoaldean aurkitzen diren eskalada bideak, eskaladan gozatzeko leku aparta. 
Informazio ederra aurki dezakegu Untzillaitz-Sur izenez ezagutzen den web orrialdea: http://www.untzillaitz-sur.com/

Mendebalde aurpegi ezezaguna, igoera deseroso eta alpinoak ondo gordetzen dituen alde ezkutua.
Sei hilabetez eskalada debekuak ondo babesten duen txokoa. Untzillatx-eko beste bitxikeri bat.

Untzillatx-eko hego mendebalde aurpegia; Igoera Mañaria behean hasiko dugu, harrobien ondo ondoan (Durangoko irteera ondoan). Larreakapanaga baserrira doan bidea hartu eta segituan aldapa gora eginez. Baserritik Unztillatx tontorrera dioan bide klasikoa hartuko dugu, 15 minutu inguru geroago lehenengo harritzarekin topa eginez. Pinu artean eta bidearen eskuinean somatzen den harritza zabala. Harritza gainetik nola edo hala pasatu eta pinudi aldapatsu batetik segituko dugu. Untzillatx-eko lehenengo hormak azpi azpitik zeharkatuz.


Aurrera goazela, basoak desagertu eta harri eta hormak hartzen dute protagonismo osoa. Harritza multzoak behin eta berriz zeharkatuz. Ekialderuntz segituko dugu, Algorriko kanalaren bila. Kanal zabal eta estetikoa, ezkerrean horma handi batez apainduta, eta eskuinean berriz, ertz zorrotz batekin babestua.

Kanal luze eta gogorra, harritza handi batez ondo estalia. Zailtasun puntu batekin igotzen den kanala. (Fraileburu-ko ertza inguruan amaitzen den kanala).

Kanelatik Mugarraren ikuspuntua ederra aurkezten zaigu, igoera erabat apaintzen. Kanalaren azken txangoan, eta ezkerreko horma handien artean, ezkutuan, aurkitzen da hurrengo zatia.

Ezkerrerantz eta diagonalean doan igoera polita. Kataluinan, Pedraforca-ko (Pollego Inferiorior) diagonalaren antza hartzen du (Hau errazagoa). Diagonalean gorantz egingo dugu, lepo hantza duen zati batera heldu arte.

Paisaia hemendik zoragarri eta basatia bihurtzen da, ahuntzen, sai, eta arranoen bizileku ederra. Harriz inguratutako zatia, eta kaos itxura hartzen duena.

Orain bidea desagertu eta intuizioak hartzen du protagonismo oso osoa. Astiro, gora egin eta Fraileburutik datorren ertza aurkituko dugu aurrez aurre. Lenago, tximenea edo korridore mixto batetik gora eginez.

Araututako gunea Untzillatx Mendebaldean (B-5).

Ertza ondo igotzen da eta zabal zabala aurkezten zaigu aurretik. Berriz Kaos itxura duen ertza, harri handi eta blokez osaturiko atala. Astiro astiro gorantz egin eta hurrengo zati aipagarrienera helduko gara. Obelisko itxura duen bloke baten azpian kokatu, eta ezkerretik irteten den tximenea mixto batetik igoko gara, arrakala ugariak dituen erresaltea erosoa (III).


Erresalte bertikala behean utzi eta berriz eskuekin laguntzarekin gora egingo dugu. Oraingoan, plakak dira nagusi. Kurutzeta azpira heldu baino lehen, ondo igotzen den gunea. Azpian, hamildegia. Eta Algorriko kanalaren ikuspegi ederra.

Kurutzeta sektorea eskuinean utzi, eta ezkerretik gora zuzen doan korridore bat igoko dugu. Eskuekin gozatzeko azken metroak. Eta gutxira, ertzaren gainean aurkituko gara.  Mañanaritik datorren igoera klasikoaren bidearekin bat eginez. Untillatx-eko tontorreraiño metro batzuk bakarrik falta zaizkigu.

Jaitsierarako berriz, Mañarira doan bide klasikotik jaitsiko gara.

 Larreakapanaga eta Untzillatx, bidetik.

2016/05/29

Atxuriko punta: 585m | Atxuri-ko puntaren ertza.

2006/02/20 | 3 saiakera eta gero, lortu dugu!, Atxuriko ertza egitea lortu dugu. Oraindik gogoan ditut lehenengo saiakerak. Lehenengoan, Lizarrola baserrian galdezka ibili nintzen ertzari buruzko informazio bila eta zorotzat hartu ninduten.

Irteera hartan ertzaren hasiera topatzen bota nuen goiz osoa. Basoak irentsitako bideak berriro garbitzen, eta nola ez, mendian eta basoan ordu asko botatzen. Baina azkenik, ertzeraino zihoan pista agertu zen. Pinu, haritz eta artez estalitako baso oparo batek irentsitako bide zaharra.
Bigarren saiakeran berriz, makilak ondo estutu eta bidea zerbait garbitu nuen. Ordu erdian ertzaren hasieraraino helduz. Ertzaren hasiera zabala eta zikina zen baina  oso estetikoa. Ertzaren erdian, nola ez, salbuespen eder bat aurkitu nuen. 30 metro inguruko horma dotorea. Eskalatzeko materiala eskatzen duen zati edo txango gogorra.
Azkenik Egoitz eta biok hubirldu ginen hirugarren saiakeran, oraingoan eskalatzeko materiala gainean generaman.
Atxuriko Ertza; Kilimon bezala ere ezagutzen da Aran-errekako bailara Mendaron, Izarraitzeko mendigunearen ondo ondoan aurkitzen den bailara ederra.

Mendaron bertan, edo Kilimon auzoko edozein lekutan utzi dezakegu autoa. Larraskandara doan bidea hartuz. PRGI 46 bidea hartu eta 350m gora eskuinera doan bide zahar bat topatu behar da (ez da erraza!), borda ahaztu baten ondotik pasatuz. Pixkanaka gorantza egingo dugu, barneraezina ematen duen baso batetik. Beste 150m gorago, ezkerrerantz doan bide estu bat hartu behar dugu. Bidea oso zikina topatuko dugu hemen, sasi eta zuhaixkas osaturiko bide nazkagarria. Bidea lasai hartu eta bukaeran ertza somatuko dugu, intuizioa martxan jartzeko leku aproposa. Azkenengo metroak artez estalitako zatia dira, makurtuta ibiltzeko zatia.


Ertzaren hasieran gaude, kareharriz osatutako ertz deserosoan. Gora egiteko ordua heldu da, ertzaren filoa ondo jarraituz. Lehenengo interguneak ez dute II+tik pasatuko, eta ondo igotzen da. Besoak eta eskuak   erabiltzeko jolasleku aparta. Hasieratik 100m gorago dator intergune edo erresalte aipagarriena. 35m inguruko horma ederra.
30m inguruko luze eder bat, hirugarren graduko intergune batekin hasten da. Erdialdean berriz, zailtasun aipagarriena, eskuinerantz doan Vº intergune horizontal eder bat da. Zuhaizka batzuk erabiliko ditugu luzea ondo babesteko. Azken partean berriz, horma zerbait lasaitzen da, IVº intergune batekin. Goian edo irteeran, bilera eder bat antolatzeko lekua daukagu. 
Harrizubi dezente eta arteak bait daude. Hurrengo metroak lasai egiten dira. Paisaia ondo dastatzeko aukera emanez.Materiala berriz motxilan gorde, eta ertz zorrotzetik jarraituko dugu  ertz integrala ondo aprobetsatuz. Azken txangoan, Kilimon bailara aurkeztuko zaigu azpian.  Harriak gora eta behera, azkenengo metroak egingo ditugu tontorreraino, harri multzo txiki batez ondo bereizten dena.


Jaitsierarako berriz, Atxuri-ko baserritik Kilimon bailarara jaisten den bidea hartuko dugu. Pagaolaza errekaren ondotik doan bide eder bat, ezkerrean Atxuriko ertz zorrotz eta estetikoa utziz.

Lizarrola baserritik gora doan bideko lehen bide-gurutzea, aurrera egingo dugu.

Hasieran sasi artean doan bidea.

2015/12/01

Alluitz: 1.034m | Ziertziako urkuluko kanaletik. (Ipar Aurpegia).

2015/11/01 | Urkiola-ko parke naturalean eskalatzeko zeuden debekuak amaituta (LINK), gure mendiek eskaintzen duten alternatiba edo aukerak ondo gozatzeko ordua heldu da. Gogo asko nituen Ziertziako Urkuluko kanala errepikatzeko, igoera zuzen eta bertikala Alluitz-etik Anbotora doan ertzeraino.


Nondik izena? Patxi Galé adituaren laguntzarekin Iparraldeko kanal hau Ziertziako urkulu kanala izenaz bataiatu dugu. Abadiñoko toponomia mapa eta liburuetan informazioa ondo miatuz.

Igoeraren dekribapena: Autoa Atxondoko Axpe auzoan utzi eta Gailanda baserrira doan bidea hartuko dugu, 2 km dituen  ibilbide lasaia. Axpe auzoaren bihotza zeharkatzen duen bidea.

Gailanda baserrira heldu, eta gorantz doan bidea hartuko dugu. Beti Zorrotzako gailurraren azpian dagoen hamildegiaren ingurutik (Alluitz-etik Larrano puntara doan ertzean aurki dezakegun gailurra).
Pinudiak zeharkatu eta kobagorritte-ko iturrira helduko gara. Orain dela urte batzuk barriztatutako leku zoragarri bat atxa haundien azpian. Orain gorantz doan hesi baten eskumatik igoko gara, ganaduarengandik (ardi eta ahuntzak) babesten duten tarte edo pagadi gazte bat ondo kontserbatseko erabiltzen den hesia hain zuzen.

Gora goazela, hirurogei metro inguru gorago, ezkerrerantz egingo dugu. Orain ahuntz-bide bat hartu, eta elorriz inguratutako paisai eder bat zeharkatuko dugu. Ahuntz eta ardientzako, gordeleku moduan erabiltzen duten toki lasai eta ederra. Gorago, kanal harritsu bat aurkituko dugu, kanala igo eta Anbotoko mendilerroaren lehen hesi haundia gaindituko dugu. Aurrean eta goiko partean, Alluitz mendiaren iparreko pareta ikusgarria.


Zelai bertikalez jositako toki batetik ekingo diogu orain eta gorantz egingo dugu eskuak erabilita. Hagin esanguratsu batera heldu,  atzean utzi eta ezkerrerantz doan ahuntz-bide bat erabiliko dugu Ziertziako kanaletik jaisten den harritzara heltzeko.

Toki ikusgarria da hau. Kanalaren azpian gaude orain. Perspektiba ikaragarria daukagu harritzaren hasieran.  Hasierak ez dauka inungo zailtasun aipagarririk, harritzak  igotzeak suposatzen duen zailtasuna baino ez. Oso motel igotzen den tartea da.  Metroak aurrera egin eta kanala estutu egiten da, bedarra protagonista bihurtuz. Nola edo hala, gora egin eta lehenengo intergune edo erresaltera iritsiko garau, erraz igotzen den tartea da hau.  Materiala jantzi (kaskoa derrigorrezkoa), eta lasai egingo dugu gorantz. Azpian amildegiak, gaur egun, bedarrez estalitako kanala denak, txirrista forma ikusgarria hartzen du. Argi ibiltzeko lekua da hau.

Astiro astiro eta arreta handiarekin metroak igoko ditugu kanalean barrena,  hurrengo intergune edo erresaltera heldu arte. Bigarren intergunea izango da hau, ezkerretik egingo duguna. (Piolet batekin hobeto egiten dena.) Erresaltea atzean utzi eta kanalaren alboetan pago bihurritu batzuk agertuko dira, denbora eta eguraldiaren eraginez oso itxura berezia dutenak. Talaia zoragarria hau, paisaiaz gozatzeko.  Gainean berriz, azkenengo zatia.

Orain kanala zerbait zabaltzen da, baina metro batzuk gorago kareharriz eta belarrez osatutako hesia aurkitu dugu arrez aurre. Igaroezina dirudien pareta mixtoa da eta  bost metroko erresaltea dueña. Hirugarren graduko zatia edo tartea. Gainean eta pago  batean, basbesteko aukerarekin.

Erresaltea behean utzi eta berrogeitahamar metro inguruko intergune jarraiak aurkituku ditugu, eskuak erabiliz erraz egiten diren pausuak. Baina argi ibili, bidea ondo jarraitu behar delako, hau ez da paretan gora galtzeko lekurik aproposena. Gure azpian beti, Ziertziako arroa ikusiko dugu.
Bukaera, eskumar,a horizontalean egiten da, Urkuluko leporaino (Ziertziako urkulue).

Alluitz-era heltzeko, ertz integrala egiteko aukera dugu orain. Bitartean, infernura zuzen zuzen doan zubia zeharkatuko dugu. Infernua barik, Alluitz mendiaren tontorra aurkituko dugu bertan.
Jaitsierarako berriz, Artola-ko leporaino doan bide klasikoa hartuko dugu. Beranduago, Axpe auzoraino heltzen den mendi ibilibidea jarraituz.

------------------------------------------------------------
 - Iraupena: guztizkoa: 2h 50' (Geldiuneekin)
 - Zailtasuna: Zaila.
 - Distantzia: 9,6 Km (+/-)
 - Gorabehera: Gorabehera positiboa: 1.025m (+/-)
 - Mendi Ibilbidea: Axpe Auzoa - Gailanda Baserria - kobagorritte-ko iturria - Ziertziako Kanala - Urkuluko lepoa - Infernuko zubia - Alluitz - Artolako lepoa - Axpe Auzoa 
------------------------------------------------------------

Gailandatik gora daude pinudietatik.