.

.

2018/02/13

Gaintza: 1.008m | Ipar aurpegia. (Alluitz)

2017/03/04 | "Maite ditut gure bazterrak" abestiak esanahi haundia dauka niretzako, gure ondoan dauden mendi eta inguru guztiak asko maite ditudalako. Eta nola ez, Alluitz mendi magikoa.

Mendi hau inguratzen duen guztia da gure hurrengo erronka, bertako historia, igoera, bide eta izen ahastuak berriz berrezkuratuz. Alluitz baita orain gure txokoa. (Egoitz Elduayen).



Igoeraren deskribapena; Sagasta auzo eta Axpetik nabarmen ikusten igoera bertikal eta zuzena da hauxe. Hanka eta besoak ondo gogortzeko igoera indartsua. Sagastatik Larranora doan ardi edo ahuntz bidea erabiliko dugu igoeraren hasiera ondo aurkitzeko.

Bizpahiru harritza eta kanal pasa ondoren gora egiteko dagoen korridorearen azpian kokatuko gara, oso korridore estu eta estetikoa. Horma edo hesi itxura hartzen duen zatia hau atzean usteko alternatiba edo modua. Korridorea atzean utzi, eta ezkerrerantz doan ahuntz.bide zabala erabiliko dugu. Aitzinean inguruko zaharrek erabilitako bidea.

Orain berriz, igoera zuzen eta deserosoa daukagu aurretik. Biderik gabeko igoera luzea. Ertzaren azpian dauden pago bakartiak erreferentzia bezala hartuta egingo dugun igoera, berriz "zuhaitzen bidea", baina Gaintzaren iparraldean. (Untzillatx, zuhaitzen bidea.)

Pago bakartiak ondotik zeharkatu eta ertzaren azpian dagoen harritza batera hurbilduko gara. Hau da igoeraren zati aipagarriena.

Harritza zeharkatu eta ezkerrerantz doan belar-bide batetik igoko gara, igoerako azken pago bakartiaren ezkerretik. Pagoa atzean utzi, eta gora doazen plaka batzuen azpian azalduko gara. Aurrean, azken atal ikusgarria daukagu.

Eskuinera doan eskalada bide polit eta bertikala, Gaintzaren iparraldeak ondo gordetzen duen toki edo txokoa. Igoerak, hirugarren gradutik hurbil dauden bizpahiru erresalte ditu, hala ere, igoera ondo babesteko aukera ugari aurkituko ditugu.


Bukaera, gogorra bezain ederra.

2017/07/25

Beriain: 1.493 | Akerregiko paxa. (Hego aurpegia).

2017/02/23 | Unanutik gora dagoen Iturtxiki-ko iturria erreferentzia moduan erabilita hasiko gara ibiltzen,  Leziza-ko bidea erabiliz. Kilimetro bat ibili eta gero, ezkerrera doan mendi-bide bat hartuko dugu, pagadian barneratzen den ibilbide nabaria.

Igoeraren krokisa.

Bidea oso ondo bereizten da, eta harriz jositako marka ugari aurkituko ditugu igoera osoan. Astiro astiro eta zeta forma hartzen duen  bide luzea eginez joango gara. Goian eta pagadiaren hostoen artean, Beriain-eko hormak bereiztuko ditugu. Harrizko hesi erraldoia ematen duena.

Pagadia gure bizkarrean utzi eta gure bidea ekialderuntz joando da,  horma erraldoien azpitik hain zuzen. “Labittuko harrondoa” edo “Labittu” izenez ezagutzen den zatia.  Orain bidea horizontalean egingo dugu, “Artazil” inguruko hormaren bila joanez.  San Donato-ko baselizatik behera doan horma ikaragarria da “Artazil” ingurua.  Hegaztien paradisu eta gordelekua.  

Andimendi - Topinimia mapa.

Azpian, Lezizako sakana edo bailaraz gozatzeko aukera ederra edukiko dugu. Andimendiak ondo gordetzen duen ohian (Pagadi) oparo eta ikaragarria. Aurretik, haziendak edo ganaduak asko erabiltzen duen bidea daukagu. Ardi-latxa-ren etxean aurkitzen gara.  

Artazil-eko hormak atzean utzi, eta bapatean ezkerrean Akerregi-ko faja edo bidera igotzeko aukera ugari aurkituko ditugu. Beriain-ek eztukuan, hegoaldetik gailurreraino ondo gordetzen dituen ateak edo pasabideak. 

Fajara ondo sartzeko edo igotzeko hiruzpalau aukera ditugu, eta zailena, lehenengoa.  Aurrerago badaude beste aukera errazagoak, harritza batetik igotzea besterik ez diren aukerak.  Edozein aukera balio zaigu Akerregi-ko bidera igotzeko. 

Goian gaudela eta aurretik ,  600 m inguru dituen faja zoragarri batekin topo egingo dugu. Auñamendietan aurki ditzakegun faja askoren itxurarekin. Beriaineko hegoalde aurpegi osoa zeharkatzen duen bide ezkutua.


Ibilbidea eroso egiten da, beti azpian daukagun amildegia kontuan hartuz.  Azken zatia bapatean bukatzen da, irteera gabeko atal batean gaudela emanez. Orain dator ibilbidearen ezustea, ezkerrean ondo gordeta, gora egiteko dagoen pasabide estua. Bigarren graduko eskalatxo erosoa.  Pasabidetik gora egin, eta minutu batzuk geroago Beriain gaineko goi-lautadetan agertuko gara. Tontorreraino doan bidearen ondo ondoan.

Jaitsierarako, Unanuraino doan ohiko bidea hartuko dudu, jaitsiera eroso eta "klasikoa".

Saia, goizean goiz deskantzuan.

2017/04/08

Atxaurrutxugana:979m | Ipar aurpegia. (Udalatx).

2016/12/21 | Badoaz batzuk, eta gehiago izango dira. Udalatx-eko iparraldean dena eginda zegoela uste nuen, baina proiektuak ez dira sekula bukatzen. Udalatx familiko txikienean egindako azken abentura, bere ipar aurpegi belartsu eta bertikala. Hiruzpalau biderrez burututako igoera bertikal eta basatia. Maite ditut gure bazterrak.


Igoeraren deskribapena; Hasiera bi tokitan izan daiteke; Elorrioko Iguria auzoan edo kanpazar portutik Betsaidera doan bidetik. Axaurrutxaganeko iparraldera hurbiltzeko, diagonal luzea erabiliko dugu. Urte askotan artzainak erabilitako bide eder bezain belartsua. Orain berriz, ahuntzen jolaslekua.

Uztepe sakona azpitik zeharkatuko dugu, atx haundien azpitik. Horizontalean egingo dugu lehenengo atal edo zeharkaldia, laritz eta izeiz hornitutako basoak atzean utziz. Basoak zeharkatu eta diagonalean jarraituko dugu Erdikoatxatik bera datozen belardien bila. Ia egun osoan itzalean dauden belardi ilun eta bertikalak. Orain, Orpogoitiko kanalaren azpitik pasatuko gara Atxaurrutxaganek iparrean ondo gordetzen dituen belardien bila.

Belardietatik gora egin eta Udalatx-en anai txikiaren atx handien azpian kokatuko gara. Faja itxura hartzen duen bide baten bila. Lehenengo atala Alluitzeko Galdareako (pared cóncava) hormaren antza hartzen du, baina tamaina askoz ere txikiagoa dauka honek. Horma atzean utzi eta faja edo zelai bertikal batetik jarraituko dugu, ehunka urte dituzten pago handien artean. Udalatx-ek ondo gordetzen duen paisai zoragarri eta magikoa.

Udalatx, Ipar aurpegia.

Faja kontu handiz egin eta pagadi bertikal batetara ailegatuko gara. Gure aitzineko jendeak ondo babestutako baso zoragarria. Deskantsua hartzeko toki aparta.

Neguko materiala erantzi eta igoerako atal zailenean barneratuko gara. Pagadian gora egingo dugu goian dagoen koba baten sarrerarekin topo egin arte. Aspaldian ezagutzen nuen koba, bi ate edo sarrera dituen koba ederra. (Toponimia? horretan gabiltza).

Koba osoa zeharkatu eta atzetik dagoen zulo edo irteera batetik irtengo gara. Atxaurrutxaganeko zelai bertikalenak aurrez aurre aurkituz. Orain dator igoeraren zailtasun aipagarriena;

80m inguru dituen igoera bertikala, 60º/65º izango dituen malda batetik igotzen da. Lehenengo atala horizontalean egiten den zeharkaldi bat da, gora egiteko bide egokiaren bila. Azpian, Atxaurrutxaganeko lehengo atxak eta amildegia, argi ibiltzeko lekua.

Gainean, gora egiteko dagoen paxa edo errsaltea ikusiko dugu argi eta garbi. Belardian ondo bereizten den hormatxo bat, erresalte mixtoa. Luzea gorago dauden pi pagoekin babestu daiteke, bilera bat antolatuz. Bestela, neguko materialarekin ondo egiten da, baina argi ibiltzekotokia da hau.

Bi pagoak dauden lekura heldu eta malda erabat desagertzen da, oraingoan tontorretik behera datozen hormak ibilbidea edertuz. Materiala gorde, eta ezkerrerantz (80m inguru) doan faja eder batetik jarraituko dugu. Udalatx-ek ondo gordetzen duen beste bitxikeri bat. Ibilbide hau Atxaurrutxaganeko iparrean eta ezkutuan dagoen zirko batera ematen du, tontorraren azpi azpian. Hemendik tontorrera dagoen aldapatxo bat bakarrik ez zaigu geratzen.

Jaitsiera, diagonal luzetik egingo dut.  Udalatx-eko iparralde osoa zeharkatzeb duen ibilbide ederra. Maite ditut gure bazterrak.

Uztepe sakoneko lehen aldapak.