.

.

2016/10/11

Elgoin:1.243m | Ipar-ekialde aurpegia. (Anboto).

2016/04/23 | Urte asko dira Anboto sakonetik gora eta behera gabiltzala. Orain askok Anbotoko KM Bertikala izenez ezagutzen duten igoera. Anboto sakona bailara, mesedez ez ahastu.

Laukian Elgoineko ertz eta Ipar-ekialdea.

Batzutan igotzen, ete beste batzutan jaisten; baina beti Elgoien-ko ipar-ekialde ezkutuari interes handiz begiratu izan diot. Orduak bota ditut Zabaletan, frailian eta Kurutzetan; Elgoineko atal ezkutu hau aztertzen. Debekuak amaitu eta gorputza negian ondo berotzeko leku aparta.

Azkenik, hiruzpalau igoera eder izan dira Elgoineko aurpegi ezkutu honetan. Aipagarriena, Zabaletatik gora doan igoera zuzen eta bertikala. Elgoineko bi ertzen artean igarotzen dena, zati basati eta ederra.

Elgoineko Ipar-ekialde aurpegia; Hasiera, Arrazola edo Axpe auzoetatik izan liteke. Zabaleta ingurura igo arte. Bide oso ezagunak dira eta honi buruz gutxi idatziko dut.


Zabalate inguruan hasten da aipagarriena. Anbotora doan igoera edo bidea ezkerrean utzi eta igoera direktuena hartuko dugu. Elorriz jositako zelai bertikalak zeharkatuz.

Gora goazela, Anboto sakoren perspektiba zoragarriaz gozatuko dugu. Frailia, eta bere tontorretik Anbotora doan ertza ere ondo bereizten da. Nola edo hala gora metroak egin, eta pixkanaka Elgoineko Ipar-ekialdeko ertzak elkartzen diren puntura helduko gara. Behetik, eta lehenengo begiradarekin, igaroezina ematen duen horma mixtoa.

Igoeraren krokisa.

Belarrez eta harriz osaturiko horma bertikala. Hurbiltzen goazela, gero eta argiago ikusiko dugu igoeraren lehen irtengune edo resaltea. Pausu oso aereo-a. Gora eginez zeharkatu, eta ezkerrean Pilatos-en behatza deritzon harkaitza aurkeztuko zaigu. Behatz forma duen harri kuriosoa. Gora eginez segituko dugu, eskuinera doan korridore eder batetik.


Paisai basatia, eta nola ez, ahuntzen bizileku dotorea. Honegatik, materiala derrigorrezkoa da horrelako igoeretan, Goitik jaisten diren harri inkontrolatuak ugariak dira eta.

Pioletak ere, asko laguntzen du, gora egiteko orduan behar diren bultzada seguruak egiteko.
( Pioletak neguko kondizioetan bakarrik? Zergatik? )

Hiruzpalau irtengune edo erresalte errazak zeharkatu eta azpian daukagun amildegiaren perspektiba ederra bihurtuko da. Konturatu gabe, eskuinean aurkitzen den ertzean izango gara. Eta nola ez, igoeraren pil pilean.

Orain, ehun urtetik gora duten pagoen artetik ertzetik gora egingo dugu. Atal zoragarri eta misteriotsua. Metroak aurrera eginez ertza zerbait lasaitzen da, eta Kurutzeta tontorretik behera doan kanala eskuineko amildegian aurkeztuko zaigu. Talaia aparta.

Igoerarako erabili izan dugun ertz zabal hau,  Kurutzetatik Elgoinera  doan ertz ezagunaren azpian bukatzen da. Belardi-txo eder bertikal batean, Anboto Sakona osoa miresteko leku aparta.

Aurretik edo goian, hurrengo eta azken atal aipagarriena. Eskuinerantz doan tximenea/korridore diagonala, oso zati aereo eta arriskutsua. Aipatzeko, irtengune-aren erdialdean arteka ezaugarri ugari topa ditzakegu luzea ondo babesteko.

Irteera edo azken atalak  Elgoin-eko tontorraren eskuinaldera ematen du, azpian amildegi ikaragarria,
eta egindako igoeraren perspektiba osoa edukiz.

Mapa.

Jaitsierako, Anbotora doan ertz ederra jarraituko dugu, tontorra ukitu eta Anboto sakonetik igotzen den bide klasikotik jaitsiz.

Frailiaren ertza.

Anboto Sakona.

2016/06/10

Untzillatx: 941m | Algorriko kanal eta diagonala.

2016/01/26 | Denok ezagutzen ditugu Untzillatx-eko hegoaldean aurkitzen diren eskalada bideak, eskaladan gozatzeko leku aparta. 
Informazio ederra aurki dezakegu Untzillaitz-Sur izenez ezagutzen den web orrialdea: http://www.untzillaitz-sur.com/

Mendebalde aurpegi ezezaguna, igoera deseroso eta alpinoak ondo gordetzen dituen alde ezkutua.
Sei hilabetez eskalada debekuak ondo babesten duen txokoa. Untzillatx-eko beste bitxikeri bat.

Untzillatx-eko hego mendebalde aurpegia; Igoera Mañaria behean hasiko dugu, harrobien ondo ondoan (Durangoko irteera ondoan). Larreakapanaga baserrira doan bidea hartu eta segituan aldapa gora eginez. Baserritik Unztillatx tontorrera dioan bide klasikoa hartuko dugu, 15 minutu inguru geroago lehenengo harritzarekin topa eginez. Pinu artean eta bidearen eskuinean somatzen den harritza zabala. Harritza gainetik nola edo hala pasatu eta pinudi aldapatsu batetik segituko dugu. Untzillatx-eko lehenengo hormak azpi azpitik zeharkatuz.


Aurrera goazela, basoak desagertu eta harri eta hormak hartzen dute protagonismo osoa. Harritza multzoak behin eta berriz zeharkatuz. Ekialderuntz segituko dugu, Algorriko kanalaren bila. Kanal zabal eta estetikoa, ezkerrean horma handi batez apainduta, eta eskuinean berriz, ertz zorrotz batekin babestua.

Kanal luze eta gogorra, harritza handi batez ondo estalia. Zailtasun puntu batekin igotzen den kanala. (Fraileburu-ko ertza inguruan amaitzen den kanala).

Kanelatik Mugarraren ikuspuntua ederra aurkezten zaigu, igoera erabat apaintzen. Kanalaren azken txangoan, eta ezkerreko horma handien artean, ezkutuan, aurkitzen da hurrengo zatia.

Ezkerrerantz eta diagonalean doan igoera polita. Kataluinan, Pedraforca-ko (Pollego Inferiorior) diagonalaren antza hartzen du (Hau errazagoa). Diagonalean gorantz egingo dugu, lepo hantza duen zati batera heldu arte.

Paisaia hemendik zoragarri eta basatia bihurtzen da, ahuntzen, sai, eta arranoen bizileku ederra. Harriz inguratutako zatia, eta kaos itxura hartzen duena.

Orain bidea desagertu eta intuizioak hartzen du protagonismo oso osoa. Astiro, gora egin eta Fraileburutik datorren ertza aurkituko dugu aurrez aurre. Lenago, tximenea edo korridore mixto batetik gora eginez.

Araututako gunea Untzillatx Mendebaldean (B-5).

Ertza ondo igotzen da eta zabal zabala aurkezten zaigu aurretik. Berriz Kaos itxura duen ertza, harri handi eta blokez osaturiko atala. Astiro astiro gorantz egin eta hurrengo zati aipagarrienera helduko gara. Obelisko itxura duen bloke baten azpian kokatu, eta ezkerretik irteten den tximenea mixto batetik igoko gara, arrakala ugariak dituen erresaltea erosoa (III).


Erresalte bertikala behean utzi eta berriz eskuekin laguntzarekin gora egingo dugu. Oraingoan, plakak dira nagusi. Kurutzeta azpira heldu baino lehen, ondo igotzen den gunea. Azpian, hamildegia. Eta Algorriko kanalaren ikuspegi ederra.

Kurutzeta sektorea eskuinean utzi, eta ezkerretik gora zuzen doan korridore bat igoko dugu. Eskuekin gozatzeko azken metroak. Eta gutxira, ertzaren gainean aurkituko gara.  Mañanaritik datorren igoera klasikoaren bidearekin bat eginez. Untillatx-eko tontorreraiño metro batzuk bakarrik falta zaizkigu.

Jaitsierarako berriz, Mañarira doan bide klasikotik jaitsiko gara.

 Larreakapanaga eta Untzillatx, bidetik.

2016/05/29

Atxuriko punta: 585m | Atxuri-ko puntaren ertza.

2006/02/20 | 3 saiakera eta gero, lortu dugu!, Atxuriko ertza egitea lortu dugu. Oraindik gogoan ditut lehenengo saiakerak. Lehenengoan, Lizarrola baserrian galdezka ibili nintzen ertzari buruzko informazio bila eta zorotzat hartu ninduten.

Irteera hartan ertzaren hasiera topatzen bota nuen goiz osoa. Basoak irentsitako bideak berriro garbitzen, eta nola ez, mendian eta basoan ordu asko botatzen. Baina azkenik, ertzeraino zihoan pista agertu zen. Pinu, haritz eta artez estalitako baso oparo batek irentsitako bide zaharra.
Bigarren saiakeran berriz, makilak ondo estutu eta bidea zerbait garbitu nuen. Ordu erdian ertzaren hasieraraino helduz. Ertzaren hasiera zabala eta zikina zen baina  oso estetikoa. Ertzaren erdian, nola ez, salbuespen eder bat aurkitu nuen. 30 metro inguruko horma dotorea. Eskalatzeko materiala eskatzen duen zati edo txango gogorra.
Azkenik Egoitz eta biok hubirldu ginen hirugarren saiakeran, oraingoan eskalatzeko materiala gainean generaman.
Atxuriko Ertza; Kilimon bezala ere ezagutzen da Aran-errekako bailara Mendaron, Izarraitzeko mendigunearen ondo ondoan aurkitzen den bailara ederra.

Mendaron bertan, edo Kilimon auzoko edozein lekutan utzi dezakegu autoa. Larraskandara doan bidea hartuz. PRGI 46 bidea hartu eta 350m gora eskuinera doan bide zahar bat topatu behar da (ez da erraza!), borda ahaztu baten ondotik pasatuz. Pixkanaka gorantza egingo dugu, barneraezina ematen duen baso batetik. Beste 150m gorago, ezkerrerantz doan bide estu bat hartu behar dugu. Bidea oso zikina topatuko dugu hemen, sasi eta zuhaixkas osaturiko bide nazkagarria. Bidea lasai hartu eta bukaeran ertza somatuko dugu, intuizioa martxan jartzeko leku aproposa. Azkenengo metroak artez estalitako zatia dira, makurtuta ibiltzeko zatia.


Ertzaren hasieran gaude, kareharriz osatutako ertz deserosoan. Gora egiteko ordua heldu da, ertzaren filoa ondo jarraituz. Lehenengo interguneak ez dute II+tik pasatuko, eta ondo igotzen da. Besoak eta eskuak   erabiltzeko jolasleku aparta. Hasieratik 100m gorago dator intergune edo erresalte aipagarriena. 35m inguruko horma ederra.
30m inguruko luze eder bat, hirugarren graduko intergune batekin hasten da. Erdialdean berriz, zailtasun aipagarriena, eskuinerantz doan Vº intergune horizontal eder bat da. Zuhaizka batzuk erabiliko ditugu luzea ondo babesteko. Azken partean berriz, horma zerbait lasaitzen da, IVº intergune batekin. Goian edo irteeran, bilera eder bat antolatzeko lekua daukagu. 
Harrizubi dezente eta arteak bait daude. Hurrengo metroak lasai egiten dira. Paisaia ondo dastatzeko aukera emanez.Materiala berriz motxilan gorde, eta ertz zorrotzetik jarraituko dugu  ertz integrala ondo aprobetsatuz. Azken txangoan, Kilimon bailara aurkeztuko zaigu azpian.  Harriak gora eta behera, azkenengo metroak egingo ditugu tontorreraino, harri multzo txiki batez ondo bereizten dena.


Jaitsierarako berriz, Atxuri-ko baserritik Kilimon bailarara jaisten den bidea hartuko dugu. Pagaolaza errekaren ondotik doan bide eder bat, ezkerrean Atxuriko ertz zorrotz eta estetikoa utziz.

Lizarrola baserritik gora doan bideko lehen bide-gurutzea, aurrera egingo dugu.

Hasieran sasi artean doan bidea.