.

.

2017/03/09

Santikurutz: 1.111m | Ekialdeko ertza edo Arbuluko ertza. (Oriol, Arangioko mendiak).

2016/18/12 | Gogoak nituen Oriol (Orixol) ingurura bueltatzeko. Eguraldi onaren aitzakiarekin Etxauen auzora hurbildu nintzen. Bertan hasi eta amaitzen den aktibitate eder bat burutzeko asmoz. Santikurutz gailurrera ekialdetik doan ertza. Arbuluko arroaren bihotz bihotzean.

Ekialdeko ertza.

Arangioko mendietaz gozatzeko aktibitatea. Entrenatzeko erabiltzen dudan txoko ederra da hau, eskalada maila guztietako bideak aurkituz. Joko asko ematen duen ertz labur eta goxoa.

Igoeraren deskribapena; Igoeraren hasiera Etxauen auzo edo herrian izango da, baina Krutzeta portutik datorren bidetik ere hurbildu gaitezke. Etxauen herritik Ipurtotz baserrira doan bidea hartuko dugu, geroago bertan krutzeta porturaino doan mendi-bidea hartuz. Bidea erraz egiten da, eta ez dago galtzerik.

Arbuluko arroa zeharkatu eta Ipurtotzeko bordara heldu baino lehen eskuinera egingo dugu. Ertzaren lehen harkaitzekin topo egin arte. Lehenengo zatia erraz egiten da, gora egiteak ez-tauka inongo misteriorik. Eskuinean, Arbuluko arroa eta bere korridoreak. Negu giroan jolasleku aparta bihurtzen den tokia.

Metroak gora goazela, lehenengo irtenguneak aurkituko ditugu. Ertzaren erdi erdian topatuko ditugun harkaitz handiak. Harkaitzak eroso eskalatzen dira, inongo oztoporik gabe. 

Igoera, ertzaren forma osoa errespetatuz gozatzen da, edozein momentutan ezkerretik ertzaren zailtasunak saihestea daukagu. Baina honek ertzaren zailtasunak ikusita, ez du merezi. Noizbehinka ertza lurrean desagertzen da, lepo itxura hartzen duen guneetan. Gero berriz, ertza lurretik irteten da irtengune zailagoa aurkeztuz.

Gora goazela, sorbaldan eta atzena, Udalatx, Aloñamendi eta Kurutzebarri mendien paisai dotoreekin gozatzeko aukera izango dugu. Talaia zoragarria.

Ertzaren azken atala da aipagarriena, ertza kaotikoa bihurtzen bait da eta. Ezproi ugari bihurtzen dira orain protagonistak. Eskalada zailtasunak zerbait gogortuz. Paisai karstiko eta oso basatia. 

Egindako ibilbidearen krokisa.

Ertzaren azken ezproia da aipagarriena, ezproi estetiko eta oso polita.  Arkaitz ona duen igoera edo atala. Lehengo atala hirugarren gradutik ez da pasatuko, eta oso eroso eskalatzen den atala. Gorago gogortzen da  zerbait ertza, irtengune "aereo" eta deseroso batekin (III+). Azpian Arbuluko amildegia, Santikurtzeko toko basatiena. 

Pausua edo irtengunea egin eta ezproiaren azken atalean kokatuko gara, lepo itxura hartzen duen zati batean. Aurretik, 5m inguru dituen atal lasaiagoa (II+). 

Ezproiaren tontorra zeharkatu eta Santikurutz ermitara doan bidea erabili dezakegu. Bide lasai eta 
ederra tontorreraino.


Pyrenikan argitaratutako artikulua.

2016/12/05

Alluitz: 1.034m | Galdarea-ko arroa edo kanaletik. (Alluitz hegoaldea).

2016/11/12 | Alluitzeko hegoaldean dauden eskalada bideak alde batera utzi eta Galdarea ezproitik behera doan kanaletik igoko gara oraingoan, igoera zuzen eta bertikala.

Argi! eskalada regulazioak Alluitz Hegoaldean. LINK/PDF

Igoera basati honek badauka bere istorioa. Buruan bueltaka zegoen ideia edo erokeri bat zirudien.
"Crestas del Duranguesado" liburuko 51 orrialdean dagoen krokis zahar bat aurkitu nuen arte. Antonio Ferrer-en liburuak erokeria errealitatean bihurtzeko aukera ederra eskaini zidan. Urte askotan buruan marraztutako marra egia bihurtzeko aukera ederra. Krokisa oinarri bezala hartu eta igoera burutzeko momentu aparta.

Erdaraz "Pared Concava" izenez ezagutzen den hormaren azpitik doan arroa edo kanala. Galdarea-ko arroa, edo kanal zabala.

Igoeraren deskribapena; Igoera "Amilla" zelaietan hasten da, zelai berde eta oparoan gorantza eginez.  Aurrean Galdarea-ko amildegitik datorren harritza aurkituko dugu. Nola edo hala harritza alde batetik zeharkatuko dugu, atal honetan gora egitea asko kostatzen du eta. Ezkerraldean, "Cabra de Judas" izenez ezagutzen den ertza aurkituko dugu.  Alluitzek hegoaldean, dauden eskalada bide gogorrenetarikoa. 

Astiro astiro, harritzatik gora egingo dugu. Aurrean ditugun harri plaka batzuekin topa egin arte.
Itxuraz, gora egitea ezin dela ematen duen arren, eskuineko kanal batetik ondo igotzen da (III+/30m). Belarrez ondo jositako kanal nabaria da.


Kanala ondo igotzen da, eskuak ondo satzeko zulo ugari eta erosoekin. Kanala atzean utzi eta orain ezkerrerantza egingo dugu, beti Galdarea horma erreferentzia moduan hartuz. Lizar bakarti baten ondotik pasatu eta astiro astiro Galdarea hormatik behera dauden harri plakerata hurbilduko gara. Paizaiaz gotzatzeko atal aparta.

Metroak gora goazela, Galdarea hormara hurbiltzeko dauden harri-plakak aurrez aurre topatuko digutu. Itxuraz gaindiezina ematen duen atal arriskutsua da hau. Harri plaka hauek aurrean utzi eta ezkerrerantza doan korridore edo "tximinia" itxura duen lekutik "Cabra de Judas" ertzera hurbiltzeko dagoen bidea hartuko dugu (III / 30m). Eibartarren ezproiaren azpi azpian kokatuz. Galdarea arroaren perspektiba zabalagoa hartzeko toki zoragarria.

Ertzetik jaitsi eta berriz gora egiteko bidea hartuko dugu. Galdarea hormatik behera datozen harri-plakak ondo egiteko ez dago bide oso garbirik. Bidea intuizioa erabiliz egingo dugu. Beti ere bide erosoena topatuz.

Pixkanaka Galdarea hormara hurbiltzen joango gara azpian dauden 2 lizar ederren azpian kokatuz. Zuhaitzak, beti dira erreferentzia harriz jositako atal kaotiko honetan. Azpian amildegi izugarria dago beraz kontu handiz hartzeko atala izango da honako hau.

Orain, eskuinera nabarmen ikusten den Korridore mixto bat topatuko dugu. Bidearen erdian lauzpabost Lizarrek apaintzen duten korridorea mixtoa.


Korridore mixtoa, hau da, harriz eta belarrez hornitutako korridore zikina dator orain. Bidean harkaitz-zubi asko aurkituko ditugu bidea ondo babesteko, eta erdi erdian lizar ederrak bilera egiteko. Gora egitea argi ikusten ez badugu, lizarretatik behera rappela egiteko ondo dagoela ematen du. Aukera ona, hemendik alde egiteko.

"Crestas del Duranguesado" liburuan agertzen den krokisa.


Igoera basati honek badauka bere istorioa. Buruan bueltaka zegoen ideia edo erokeri bat zirudien.
"Crestas del Duranguesado" liburuko 51 orrialdean dagoen krokis zahar bat aurkitu nuen arte. Antonio Ferrer-en liburuak erokeria errealitatean bihurtzeko aukera ederra eskaini zidan. Urte askotan buruan marraztutako marra egia bihurtzeko aukera ederra. Krokisa oinarri bezala hartu eta igoera burutzeko momentu aparta.

Lizar multzoa atzean utzi, eta aurrean igoerako irtengune aipagarri eta zailena aurkituko dugu; irtengune horizontal eta mixtoa. (III+/ IV / 30m) 

Irtengunea ez da erraz egiten, eskuak erabiltzeko leku mugatua baita. Nola edo hala, irtengunea pasatu eta korridorearen azken atalean sartuko gara. Atal belartsu baina lasaiagoa. Kokuzkulu-ko kanalarekin bat egiten duen leporaino doan tartea da hau.

Lepotik kokuzkulu kanalera jaitsi eta Alluitzeko tontorrera doan bidea jarraituko dugu. Oraingoan bide lasaia izango dugu. 

Alluitzeko tontorrean arnasa ondo hartu eta egindako bidea ondo miresteko aukera izango dugu. Igoera alpino eta sufritua Alluitzeko hegoaldean dagoen atala. Galdarea hormaren kanal zabal eta bertikala.

Jaitsiera berriz, Artolatik datorren bide "klasiko"-a hartuta egingo dugu .


Mapan, igoera.

2016/11/21

Alluitz;1.034m | Iparraldeko ertza.

2016/10/29 | Urteak pasa dira  lehenengoz Alluitzeko iparretik igo nintzela. Durangaldeko mendietan aurkitzen den atal basati eta ederrenetarikoa. Ondo babestu beharreko leku zoragarria.

Orduak sartu ditugu ipar aurpegi hau ondo aztertzen, dauden aukera guztiak ondo ikertu eta probatzen. Guretzako, mendian eta mendiaz gozatzeko leku aparta.

Azkenean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hiru mendizale amorratu elkartu gara igoera eder hau burutzeko (Gotzon, Egoitz eta Javier). Taldean azkena, eta Arabatik, Euskal-Herriko ertzak ondo ezagutzen dituen; Javier Iturritxa.  "Aristas y crestas de euskal herria" liburuaren idazle eta egilea. Plazer haundia, Durangaldeko altxorrak berarekin elkarbanatzea.


Igoeraren deskribapena;  Sagastatik eta Axpetik nabermen ikusten den ertz luze eta potentea da. Olarreta hormaren azpian hasi eta Alluitzeko tontorraren ondoan bukatzen den ertz bertikala.


Ertzaren hasierara heltzeko hiru modu ditugu. Lehenengoa; Axpetik Gailanda baserrira doan autobidea hartu, eta Gailanda baserritik gorantz doan baso-bide igotzea da . Bigarrena, Sagasta auzotik Alluitz azpiko Olarreta hormara doan bidetik igotzea da. Azkena berriz, Artolako lepotik Sagasta auzora doan mendi-bidetik Olarretako hormara hurbiltzea da.

Ertz integrala egiteko asmoa daukagunez, Olarretako horman dauden eskalada bideak ondo aztertu eta lehengo ezproia zuzen zuzenean igotzen duen eskalada bidea egingo dugu. Gure kasuan, “Larau” izena duen eskalada bidea. V+ graduku eskalada bidea. 60m inguruko luze eder bat. Ezproi honen ipar aurpegiko bide zailena.

Olarreta sektorea.

Lehengo bilera Olarretako ezproia bi zatitan banatzen duen lepoan egingo dugu. Olarretako ertzaren perspektiba osoaz gozatzeko toki aparta da hau. 

Abadaiñoko toponomia liburua I.  / 158 orria.

Ezproia banatzen duen lepotxoa eskalada klasikoan egin eta bigarren luzearekin hasiko gara. Gainean "Olarreako ezproiaren bidea" izenez ezagutzen den ertz basatia.

Ertzak ematen dituen zailtasun guztiak egingo ditugu, ertza bapo bapo aprobetxatuz. 60m inguruko luze ederra. Laugarren graduku irtengune ugariekin egiten den luzea da, gora egiten asko gozatzen den atala.  Gora goazen bitartean, arkaitz zoragarria aurkituko dugu,  seguruak ondo sartu eta instalatzeko pitxadura ugarirekin. 

Bigarren bilera, ertza asko lasaitzen den lepotxo batean egingo dugu. Arkaitzak ondo babesten duen arroka zubi eder batzuk ondo aprobetxatuz. Leku eroso eta aproposa.

Hurrengo luzea, errazago egiten da. 30m inguruko luze bertikala eta erosoa. Azken bilerarako berriz, ondo ikusten den katai bat erabiliko dugu. Arkaitz haundi baten ondo ikusten den instalazioa zahar bat. Olarreta sektorean dauden eskalada bide gogorrenak bertan bukatzen dira. Talaia paregabea.

Materiala ondo banatu eta hurrengo atala ensanblean egingo dugu. Landaluzetako ormetatik gora doan atal zoragarria. 100m inguru dituen atala, bigarren eta hirugarren graduko irtengunez josita dagoena. Alluitzetik Anbotora doan ertza ondo miresteko eta gozatzeko leku aparta..

Azkenik, eskalatzeko materiala gorde eta ertza ahal den guztia aprobetxatuko dugu, infernuko zubiaren ikuspegi eta perspektiba bereziaz gozatuz. Bidea Alluitzeko tontorraren ondoan bukatuko dugu. Berriz etxean, Alluitz-eko tontor maitean.

Jaitsierarako, Artolako lepotik datorren bide harrunta erabiliko dugu. Gero Sagasta auzoraino doan bidea erabiliz.

Laukian, ertza.