2015/10/25 |Astxikiko iparmendebaldean aurkitzen da igoera eder eta basati hau. Atxarteko harrobien gainean dagoen ertz zabala hain zuzen ere. Urte asko dira Atxarteko inguruetan gabiltzala.Akaso Euskal Herri osoko mendizale asko gara bertara hurreratzen garenak. Eskalatzeko leku aparta dira Atxarte eta bere inguruak. Aspalditik daukat igoera hau egiteko asmoa. Durangaldeko ertz aipagarrienen bateratze bat egitea, buruan daukadan ideia bat da eta agian epe labur batean burutuko dudana.
Igoeraren Deskribapena; Atxarteko harrobian hasten da igoera, ermita eskuinean utzi eta gorantz doan bide ezaguna hartuz. Eguzkiarreko pareta eskuinaldean utziko dugu. Gora goazela, Artolako bide klasikoa eskuinean utziko dugu, eta ezkerrerantz doan bidea hartuko dugu. Usukobeta harritzaren azpitik doan bidea zeharkatzen, elorri eta txilar hostotsuak saihestuz. Gainean Astxikiko eskalada klasikoenetariko batzuk aurkituko ditugu (Ezkerreko horma deritzon sektorea; LINK), eta Usokobetako harritzaren kanal zabal eta apurtua. Aurrera jo behar dugu, "ezkerreko horma" deritzon sektorearen azpitik iparmendebaldeko ertzaren bila, ahuntz bide estu eta zikinetik.
Aurrera goazela, “Kobailuna” ederra aurkituko dugu ertz zabalaren azpian, ahuntzak aterpe moduan erabiltzen duten haitzuloa. Bisita labur bat egin eta ertzaren bila goaz, beti ere sena erabiliz.
Orain, harrobiak azpian ditugu eta aurrean berriz, Astxikiko ertz zabala. Igoeraren lehen zatia erraza da, txilar eta elorriz (zuri eta beltzak) estalita dagoena. Gora goazela, lehenengo intergune edo erresaltea ikusiko dugu lehenengo aldiz, izengabeko espoloiaren hasieran.
Intergune hau, 5/6 metro inguru dituen tarte bertikal mixtoa da. (harri eta belar korapilatsua ), IIIº. gradua izango duen erresaltea.
Pixkanaka lehenengo muino edo espoloi-aren azpira hurbiltzen goaz. Lehenengo erresaltea lasai hartu, eta astiro gorantza egingo dugu eskuak erabiliz. Azpian Atxarteko hamildegi eta harrobiak ditugula.
Erresaltea atzean utzi, eta kanal belartsu batetik igotzen da, espoloiaren ezkerreko lepo batera iritsi arte. Leku zoragarria!. Lepo estua atzean utzi (Artea erreferentziatzat hartuta) eta eskuineko paretatik goaz oraingoan; intergune erraz eta jarraituak gaindituz (IIº+). Aurrean “Pago bakartia-ren lepoa”, Atxarte inguruko paisaia miresgarri eta dotoreena. Paisaia dastatzen geratzeko leku paregabea.
Aurrean berriz (Gainean), hurrengo txanpa; Atxurdin-gaina.
Ertzaren bigarren zati aipagarriena eta Astxiki gailurraren anai txikira heltzeko bidea. Tarte harritsua eta erresalte aipagarriena IIIº. gradukua izango da. Kareharri aparta. Ertz osoko zati ederrena.
Metroak gora goaz paisaia ondo daztatuz. Atzean Atxarte eta Urkiola inguruko paisai dotoreenetariko bat dugula. 60 m inguru geroago, erresaltearen azpian kokatu eta eskalatzen hasiko gara. Gozatzeko zati edo luze aipagarriena (6 m/IIIº).
Intergunea azpian utzi eta kanal estu batera helduko gara, 80 m inguru dituen kanal belartsua. Orain, gora egiteak errazagoa ematen badu ere, argi bili beharreko lekua da azpian (iparraldean) dugun hamildegia ikusita.
Azkeneko pausoak eman eta konturatu orduko Atxurdin-gaineko gailurrera helduko gara. Astxiki mendiguneko anai txikia. Metro batzuk beherago, harriz beteriko kanal zabal batetik jaitsiko gara; astxiki eta Atxirdun-gaina banatzen duten leporaino. Lepotik, ardiak erabiltzen duten bidea jarraituko dugu Astxikiren gailurreraino.
Jaitsieran, Artolara eta Atxartera doan bidea jarraituko dugu.
Egindako Ibilbidea.
------------------------------------------------------------
- Iraupena: guztizkoa: 1h 58' (Geldiuneekin)
- Zailtasuna: Zaila
- Distantzia: 3,2 Km (+/-)
- Gorabehera: Gorabehera positiboa: 680m (+/-)
- Mendi Ibilbidea: Atxarte harrobia - Ezkerreko horma "sektorea" - Iparmendabelde-ko ertza - Atxurdin gaina - Astxiki - Artola - Atxarte harrobia.
------------------------------------------------------------