.

.

2016/10/28

Palomares: 1.443m | Palomares - La Rasa ertz integrala. | Toloñoko mendikatea.

Arabako azken lurretan aurkitzen da Palomares mendia, askok kantabriako mendikatea izenarekin ezagutzen duten mendigunea. Gaur egun gaizki erabiltzen den izena, berez, Toloñoko mendikate edo mendizerra baita.

"Entre los pueblos próximos a la sierra he comprobado que predomina la denominación de Sierra de Toloño, sobre todo en la vertiente de la Rioja Alavesa. He de anotar que algunos la conocen como Cantabria, seguramente por la insistencia actual, sobre todo impresa, en nombrarla de esta forma"

Euskaltzandiak honi buruz doan artikulua: http://www.euskaltzaindia.net/dok/euskera/50296.pdf

Harresi itxura duen medikate ederra, Euskal Herriko bi klimak ondo  bereizten dituen horma edo harresia. Hegoaldean, Errioxa Arabarrean hain zuzen; mediterraneo klima bero eta lehorragoa. Iparrean  berriz, klima ozeanikoa eta hezeagoa.

Egindako aktibitatea, "Recilla" deritzon tontorretik "La Rasa" tontorreraino doan ertz integrala egitea da. Ertz luze eta zorrrotza Arabaren azken mugan.

Palomares, mendebaldeko ertza.

Aktibitatearen deskribapena; Recillan hasi eta "La Rasa" tontorrean amaitzen den ertz estetiko eta luzea. Euskal Herrian aurkitu dezakegun ertz ederrenetarikoa dudarik gabe. Lagrango herritik horma gaindiezinaren itxura hartzen duen mendikatea edo ertz luzea.


Lagrandik Pipaon herrira doan bidea hartu eta ezkerrerantza doan lehenengo nekazal pista hartuko dugu. Nekazariek erabiltzen duten pista hau pagadian barneratuz  amaitzen da.

Hemen, bidea amaitzen den tokian, autoa utzi eta pagadian gorantza doan bidea jarraituko dugu, Errezila tontorrereino doan bidea.

Tontorraren aurrean, Palomares tontorreraino doan ertz ikusgarria ikusten da. Materiala atera, eta ertzari aurre egiteko momentua da. Errezila tontorreko ertz zabaletik aurrera egingo dugu, beranduago harritza eta ezpelez beteriko kanal batetik jaisteko. Orain ertza desagertu eta ezpelez beteriko gune batera helduko gara, ezpel baso oparoa.

Aurrera egin eta berriz ertza aurrez aurre topatuko dugu.

Orain ertza goian geratzen zaigu, asko jaitsi dugu eta. Berriz ertzera heltzeko, aurrean dugun hamar metroko kanal batetik (III) igoko dugu. Ondo igotzen den kanala da. Gero irtengunea gainditu eta ertzetik oinez jarraituko dugu.


Erabilitako materiala: Kaskoa, arnesa, 60 m soka, arteka trabagailu, trabagailu mekaniko, zintak eta espresak.

Hurrengo atala, ertzaren zati ederrenetarikoa da. Soka erabiltzeko leku aproposena.. Ertzaren hormak zulo edo leiho bat duelako, "Leihoaren atala" izenez ezagutuko dugu irtengune hau. Ertza asko estutu eta oso aereoa bihurtzen da (III+). Zati honi aurre egiteko aukera ugari daude. Guk ertza gainetik egingo dugu.

Ertzak daukan pitzadura batetik gora egin, eta ertza goiko partetik egingo dugu. Atal eder eta oso aereoa. Eskuak  erabilita egingo dugun ertz estua da. Metro batzuk aurrerago jardunaldiaren bigarren tontorrera helduko gara.


Ertzaten erdiko tontorra atzean utzi eta jaisten hasiko gara ertza asko estutzen den atal aereo eta ikusgarri batera helduz. Atal honen hasieran egingo dugu hurrengo bilera, zintzilika dagoen haitz batean hain zuzen. Aurretik, ehun metro inguru dituen ertz estu eta estetikoa izango dugu.

Palomares tontorrera hurbiltzen hari gara, eta orain tontorreraino doan ertz ezaugarritsuena daukagu, argazki eta liburu askotan aipatzen den atal ikusgarriena. Ertza ondo hartzeko, hamar metro inguruko rapela egingo dugu, ondo ekipatua dagoen rapela.

Ertzaren zati hau ensanblean egingo dugu, bizpahiru irtengune (III) erraz eginez, pitzadura forma hartzen duen toki batera heldu arte. Aurre aurrean monolito forma edo itxura hartzen duen hormarekin topo egingo dugularik.

 Orain atal guztian dagoen zailtasun aipagarriena, igaroezina ematen duen irtengunea (IV). Aitzineko hiltzez babestutako irtengunea. Irtengunea zuzenean egin eta berriz ertzean azalduko gara, tontorreraino azkenengo metroak  lasai eginez (III).

Palomares tontorrean atsedena hartu eta "La Rasa" tontorreraino doan ertzetik jarraituko dugu.

Lehenengo metroak belarrez estalitako ertz zabal batetik egingo ditugu. Ertza metroak galtzen doan bitartean, hurrengo pitzadura ikusiko dugu, ertza berriz hartzeko erabiliko dugun pitzadura (20m/III).

 Pitzaduratik gora egin, eta ertza berriz estutzen hasiko da, zailtasun puntu bat hartuz. Metro batzuk aurrerago ertza desagertu egiten da amildegian zehar. Palomares mendebaldeko pitzaduraren tontorrean (1.414m) hain zuzen. Aurrez aurre Palomares ekialdeko pitzaduraren tontorra. Azpian berriz amildegia.

"La Rasa", mendebaldeko ertza.

Palomares tontorrak bereizten dituen pitzadurara jaisteko, ezkutuan ondo gordetzen den kanal estu batetik jaisten da. Ezpel eta haginez osaturiko kanal eder batetik.

 Bi tontorrak bereizten dituen pitzadura haunditik, Palomares ekialdeko pitzaduraren tontorrera erraz igotzen da, berrogei metro inguruko igoera mixtoa (II+). Ertza berriz hartu, eta hurrengo atal aipagarrieneraino joango gara; Larrasaraino doan ertz gogorra. Oraingoan, aurretik ertz osoko atal zailena. Eskala klasikoan egingo dugun zatia.

 Oraingoan ertzan ondo sartzeko, aurrean monolito itxura duen horma igo beharko dugu. 2 aukera garbi daude, oso argi ikusten diren bi tximinia edo kanal estuak. Gure aukera bigarren tximinia izango da.

 Azpian bilera ondo egin, eta eskaladarekin hasiko gara. Lehenengo irtengunea (III) erraz egiten da, bigarren txanpak berriz zailtasun puntu bat du. Eskuinerantza, oso aereoa bihurtzen den pauso delikatu bat dugu (IV). Ertza berriz estutu eta nola edo hala seguruak jarriko ditugu luzea ondo babesteko zinta eta trabagailu mekanikoak erabiliz.

 Bigarren bilera ertzaren pitzadura estu batean egingo dugu, ezpel enborrak ondo aprobetxatuz. Hurrengo luzeak gozatzeko aukera asko ematen ditu ertza zerbait lasaitzen delako. Bilera batu, eta hurrengo atalari ensanblean ekingo diogu. Poliki eta kontu handiz, ertzari metroak irabaziko dizkiogu. Azkenengo irtengune aipagarriarekin aurrez aurre jo arte.

Bukatzeko, tximista itxura hartzen duen eskalada zatia aurretik (10m, IV).  Luzearen erdian haitz batekin joko dugu, gora egiteak oztopatzen duen irtengune eta zailtasun aipagarriena.  Nola edo hala, haitza gainditu eta metro batzuk aurrerago "La Rasa" tontorreraino helduko gara.

Paisaiaz gozatu, eta hurbil daukagun "Peña del Castillo"-ra joango gara ibilbide klasiko edo normaletik. Beranduago "Toro" portutik Lagran-era doan ibilbidea egingo dugu. Arabako mendi ederretan zirkular eder hau bukatuz.

"Recilla" tontorra aurrez aurre.

2016/10/20

Alluitz:1.034m | Labar txikietako ertza. (Eskalada klasikoa).

Oraindik badauzkagu altxor ederrak gure mendietan, Alluitzen hain zuzen. Iparrerantz ematen duen aldean ondo gordetzen den ertz estetiko eta basatia. Eskalada klasikoan egiten den igoera ederra.

Kostatu da, baina kanalaren izena berreskuratzea lortu dugu. Askok Askafe moduan ezagutzen duten leku edo atala, halaxe izendatzen baitu Antonio Ferrer mendizaleak "Crestas del Duranguesado" liburuan. Sagasta eta Axpeko auzoekin hitze egin, eta toponimia berreskuratzeko ahaleginean nabil. Gure baso eta mendietan arbasoek erabilitako izenak berreskuratzeko ahaleginetan. Horregatik, Askafe izena alde batera utzi, eta "Labar txikiak" deituko diogu paraje honi, bere jatorrizko izena baita.

Orduak bota ditut Ferrer eta bere lagunak "Askafe" moduan izendatutako kanalaren babesean, ertzaren aukerak ondo aztertzen. Ertza, Artola-ko lepotik Alluitzera doan bidearen eskuinean aurkitzen da. Labar txikietako kanala-ren ezkerreko horma hain zuzen. Urrunetik oilar gandorra itxura duen ertz estetikoa. 


Igoeraren deskribapena:Ertzaren oinarrira heltzeko aukera asko daude. Baina ertza ondo hartzeko, Artolako lepotik da igoera zuzenena. 

Lehenengo zatia oso erraz igotzen da, eskuak ondo berotzeko leku apropos eta jolasgarria. 50m inguru aurrerago, eskalatzeko materiala prestatu, eta lehenengo bilera jarriko dugu.

Lehenengo luzea ederra eta jolasgarria. Kareharriz osaturiko bi plaka handi eta ederrak. Interguneak ondo babesten dira arteka-trabagailuak erabiliz. Luzea, lepo itxura hartzen duen zati batean bukatuko dugu. Hemen, bigarren bilera jarriz.

"Aipatzeko, lehenengo luzearen erdialdean, aitzinean erabilitako hiltze zahar batekin topo egin dugula. Hiltzea ez da fidatzekoa, oxidoaren eraginez oso itxura eskasa du eta."


Hurrengo gunea hiru luzetan bananduko dugu. Ertz osoaren eskalada eder eta interesgarriena. 30m inguruko hiru luze ederrak, IV+ graduko intergune ugariekin hornitutako luze politak. Eskalada aurrera doala, intergune edo erresalte batzuekin argi ibili beharreko lekua, kareharri apurtu eta itsusia ugaria baita.

Erabilitako materiala: Kaskoa, arnesa, 60 m soka, arteka trabagailu, trabagailu mekaniko, zintak eta espresak.

Bosgarren bileratik gora ensamble moduko eskaladan segituko dugu. Ertzaren azken zatiarekin gozatuz. Paisaia dotorea Alluitzen bihotzean.. Materiala batu, eta Alluitz tontorrera heltzeko biderik zuzenena hartuko dugu.

Zirkuluan ertzaren kokapena.

Ertza.

2016/10/11

Elgoin:1.243m | Ipar-ekialde aurpegia. (Anboto).

2016/04/23 | Urte asko dira Anboto sakonetik gora eta behera gabiltzala. Orain askok Anbotoko KM Bertikala izenez ezagutzen duten igoera. Anboto sakona bailara, mesedez ez ahastu.

Laukian Elgoineko ertz eta Ipar-ekialdea.

Batzutan igotzen, ete beste batzutan jaisten; baina beti Elgoien-ko ipar-ekialde ezkutuari interes handiz begiratu izan diot. Orduak bota ditut Zabaletan, frailian eta Kurutzetan; Elgoineko atal ezkutu hau aztertzen. Debekuak amaitu eta gorputza negian ondo berotzeko leku aparta.

Azkenik, hiruzpalau igoera eder izan dira Elgoineko aurpegi ezkutu honetan. Aipagarriena, Zabaletatik gora doan igoera zuzen eta bertikala. Elgoineko bi ertzen artean igarotzen dena, zati basati eta ederra.

Elgoineko Ipar-ekialde aurpegia; Hasiera, Arrazola edo Axpe auzoetatik izan liteke. Zabaleta ingurura igo arte. Bide oso ezagunak dira eta honi buruz gutxi idatziko dut.


Zabalate inguruan hasten da aipagarriena. Anbotora doan igoera edo bidea ezkerrean utzi eta igoera direktuena hartuko dugu. Elorriz jositako zelai bertikalak zeharkatuz.

Gora goazela, Anboto sakoren perspektiba zoragarriaz gozatuko dugu. Frailia, eta bere tontorretik Anbotora doan ertza ere ondo bereizten da. Nola edo hala gora metroak egin, eta pixkanaka Elgoineko Ipar-ekialdeko ertzak elkartzen diren puntura helduko gara. Behetik, eta lehenengo begiradarekin, igaroezina ematen duen horma mixtoa.

Igoeraren krokisa.

Belarrez eta harriz osaturiko horma bertikala. Hurbiltzen goazela, gero eta argiago ikusiko dugu igoeraren lehen irtengune edo resaltea. Pausu oso aereo-a. Gora eginez zeharkatu, eta ezkerrean Pilatos-en behatza deritzon harkaitza aurkeztuko zaigu. Behatz forma duen harri kuriosoa. Gora eginez segituko dugu, eskuinera doan korridore eder batetik.


Paisai basatia, eta nola ez, ahuntzen bizileku dotorea. Honegatik, materiala derrigorrezkoa da horrelako igoeretan, Goitik jaisten diren harri inkontrolatuak ugariak dira eta.

Pioletak ere, asko laguntzen du, gora egiteko orduan behar diren bultzada seguruak egiteko.
( Pioletak neguko kondizioetan bakarrik? Zergatik? )

Hiruzpalau irtengune edo erresalte errazak zeharkatu eta azpian daukagun amildegiaren perspektiba ederra bihurtuko da. Konturatu gabe, eskuinean aurkitzen den ertzean izango gara. Eta nola ez, igoeraren pil pilean.

Orain, ehun urtetik gora duten pagoen artetik ertzetik gora egingo dugu. Atal zoragarri eta misteriotsua. Metroak aurrera eginez ertza zerbait lasaitzen da, eta Kurutzeta tontorretik behera doan kanala eskuineko amildegian aurkeztuko zaigu. Talaia aparta.

Igoerarako erabili izan dugun ertz zabal hau,  Kurutzetatik Elgoinera  doan ertz ezagunaren azpian bukatzen da. Belardi-txo eder bertikal batean, Anboto Sakona osoa miresteko leku aparta.

Aurretik edo goian, hurrengo eta azken atal aipagarriena. Eskuinerantz doan tximenea/korridore diagonala, oso zati aereo eta arriskutsua. Aipatzeko, irtengune-aren erdialdean arteka ezaugarri ugari topa ditzakegu luzea ondo babesteko.

Irteera edo azken atalak  Elgoin-eko tontorraren eskuinaldera ematen du, azpian amildegi ikaragarria,
eta egindako igoeraren perspektiba osoa edukiz.

Mapa.

Jaitsierako, Anbotora doan ertz ederra jarraituko dugu, tontorra ukitu eta Anboto sakonetik igotzen den bide klasikotik jaitsiz.

Frailiaren ertza.

Anboto Sakona.