2017/02/23 | Unanutik gora dagoen Iturtxiki-ko iturria erreferentzia moduan erabilita hasiko gara ibiltzen, Leziza-ko bidea erabiliz. Kilimetro bat ibili eta gero, ezkerrera doan mendi-bide bat hartuko dugu, pagadian barneratzen den ibilbide nabaria.
Igoeraren krokisa.
Bidea oso ondo bereizten da, eta harriz jositako marka ugari aurkituko ditugu igoera osoan. Astiro astiro eta zeta forma hartzen duen bide luzea eginez joango gara. Goian eta pagadiaren hostoen artean, Beriain-eko hormak bereiztuko ditugu. Harrizko hesi erraldoia ematen duena.
Pagadia gure bizkarrean utzi eta gure bidea ekialderuntz joando da, horma erraldoien azpitik hain zuzen. “Labittuko harrondoa” edo “Labittu” izenez ezagutzen den zatia. Orain bidea horizontalean egingo dugu, “Artazil” inguruko hormaren bila joanez. San Donato-ko baselizatik behera doan horma ikaragarria da “Artazil” ingurua. Hegaztien paradisu eta gordelekua.
Andimendi - Topinimia mapa.
Azpian, Lezizako sakana edo bailaraz gozatzeko aukera ederra edukiko dugu. Andimendiak ondo gordetzen duen ohian (Pagadi) oparo eta ikaragarria. Aurretik, haziendak edo ganaduak asko erabiltzen duen bidea daukagu. Ardi-latxa-ren etxean aurkitzen gara.
Artazil-eko hormak atzean utzi, eta bapatean ezkerrean Akerregi-ko faja edo bidera igotzeko aukera ugari aurkituko ditugu. Beriain-ek eztukuan, hegoaldetik gailurreraino ondo gordetzen dituen ateak edo pasabideak.
Fajara ondo sartzeko edo igotzeko hiruzpalau aukera ditugu, eta zailena, lehenengoa. Aurrerago badaude beste aukera errazagoak, harritza batetik igotzea besterik ez diren aukerak. Edozein aukera balio zaigu Akerregi-ko bidera igotzeko.
Goian gaudela eta aurretik , 600 m inguru dituen faja zoragarri batekin topo egingo dugu. Auñamendietan aurki ditzakegun faja askoren itxurarekin. Beriaineko hegoalde aurpegi osoa zeharkatzen duen bide ezkutua.
Ibilbidea eroso egiten da, beti azpian daukagun amildegia kontuan hartuz. Azken zatia bapatean bukatzen da, irteera gabeko atal batean gaudela emanez. Orain dator ibilbidearen ezustea, ezkerrean ondo gordeta, gora egiteko dagoen pasabide estua. Bigarren graduko eskalatxo erosoa. Pasabidetik gora egin, eta minutu batzuk geroago Beriain gaineko goi-lautadetan agertuko gara. Tontorreraino doan bidearen ondo ondoan.
Jaitsierarako, Unanuraino doan ohiko bidea hartuko dudu, jaitsiera eroso eta "klasikoa".
Saia, goizean goiz deskantzuan.